XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Artean erderaz ondo ikasia nintzen, edo besteen antzean behintzat, nozean akats bat egin arren.

Aurreko urtean, hamabi urte nituela, erlejinoko irakasleak taulatura atara ninduen (danen aurrera atarate horrek zelan kikiltzen ninduen ez dago esaterik) eta oso ondo, ia buruz emoten ari nintzen ikaskai batean ...y la suegra de San Pedro estaba fiebre esan nebanean, irakasleak barreari emon eutson eta ikasle guztiek algarari.

Batzuk ez eben zegaitik jakingo, baina barrua askatzeko okasinoari eskapatzen izterik ez zegoen, irakaslea, ohiko portaera guztien aurka, halan barreka ikusi ezkero.

-¿Cómo, cómo? ¡A ver! Repite otra vez.

Nik ez nenkien zer zegoen oker eta barriro be la suegra de San Pedro estaba fiebre esan neban.

Irakaslearen bigarren barreak eta ikaskideen algarak ez ziren txikiagoak izan.

Jarraitzeko esan eustan, halako batean ¡Basta! Muy bien, siéntate en tu sitio agindu eban, baina ohartzen nintzen irakasleari ez jakola barregura joaten.

Ordurako banenkien izenak eta adjetiboak bereizten, baina fiebre adjetiboa zela uste neban, estaba caliente lez.

Egun ha eta hurrengo asko pasatuko ziren, con fiebre esan behar zela ohartzerako.

Honelako labankadak eta gehiago egingo genduzen ikasle euskaldunok, baina, hirugarren kurtsoan gengozela, nik ez neukan erdera problemarik, literaturako irakasle zapal, gizenkote eta ahohandi hak zuloratu ez banindu, sekula azalpen argigarri bat emon barik.

Kurtsoaren azkenean ez zegoen niretzat asignatura ha aprobatzeko ezelako itxaropenik, irakasleak behin baino gehiagotan abertitu eustanez, txiripazko zirritu baten ilusinorik sor ez nengien.

Gaur egun, eta orduan be seminariotik kanpora, suspentsoa ohiko orbela izango zen, baina niretzat kalabaza bat ondino probatzeko nengoen zorigatx fatala zen eta hara non beste zorigatx handiago batek libratu ninduen.

Okerrak solidarioak dira, baina batzutan ez dabe alkar ondo koordinatzen.

ORDAINDU EZINAREN LARRITASUNAK

Lehen urtean, Zornotzako fraile karmeldarren komentuan, urteko ordaina ez zen gauza handia, zazpirehun pezeta uste dot, etxe batzutan horixe be faltako zen baina.